XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Isurtzea

Mutilei gertatzen zaie hau, neskei hilekoa baino beranduxeago: 12-14 urterekin, gutxi gorabehera.

Aldaketak gertatzen dira beren barrabiletan eta ondoko guruinetan: zelula batzuk sortzen dituzte, pilatuz doazenak.

Zelula horien biltegia bete denean edo mutila, laztan edo fantasiekin, berotzen denean, kanpora ateratzen da sustantzia hori, hazia edo gizazia izena duena.

Kanpora botatze honi esaten zaio isurtzea.

Beharbada lehenengoetan nahi gabe gertatuko da (ametsetan, adibidez), baina gehienetan nahita izaten da, masturbazioaren bitartez.

Masturbazioa da mutil gehien-gehienek eta neska askok nerabezaroan ikasten duten lehen jokabide sexuala, estatistikek esaten digutenez.

Masturbatzeko nork bere gorputza laztantzen du gauza politak pentsatuz eta sentipen atseginak lortuz.

Ondo pasatzen da eta ez du inongo arriskurik osasunarentzat.

Geure gorputza eta geure burua hobeto ezagutzeko eta maitatzeko modua da.

Beste aldaketa batzuk

Aldaketa hauek ez dituzu gorputzean bakarrik izango: zure pentsaera ere aldatuko da, gauzak ikusteko daukazun modua, zure harremanak, dena.

Eta gehien aldatuko den gauzetako bat, zure sentsibilitatea izango da: sentipen, emozio eta sentimendu berriak, zoragarriak nabarituko dituzu.

Hamahiru-hamalau urte dituzunean, edo lehentxeago edo geroxeago, halako irrikak sentituko dituzu, gustatzen zaizkizun pertsonekin egoteko gogoa.

Erakarri egingo zaituzte.

Kilikatu egingo zaituzte zenbait pentsamenduk eta laztanek.

Adin horretatik aurrera hasiko zara, seguru asko, zu ere maitemintzen.

Bai, bai, zu ere maiteminduko zara, ikusiko duzu zein gauza polita den.

Eta ondo pasa!